4-H Zimbabwe erakunde independente bat da, irabazi-asmorik gabekoa. 2018an sortu zen, gazteak ahalduntzeko helburuarekin. Kirola erabiltzen dute hainbat jatorri politiko eta sozialetako pertsonen arteko tolerantzia sustatzeko tresnatzat, betiere kulturen arteko elkarrizketa sustatzera eta ingurune baketsua bermatzera zuzenduta. Aurrera daramaten Sport4peace proiektuarekin, helburu hau dute: konpromiso hori sustatzea eta tradizioz dibergenteak izan diren talde komunitarioak batzea, hainbat komunitatek, alderdi politikok, ikasle sindikatuk eta segurtasun indarrek parte hartzen duten kirol txapelketak antolatuz.
Zimbabwe da bigarrena, zoriontasun maila apalena duten munduko herrialdeen artean. 1980an lortu zuen independentzia, eta britainiarren kolonia gisa trantsizioa egin ondoren, salbatzailetzat aurkeztu zen Robert Mugabe diktadorea herrialdeko buru izan zen ia lau hamarkadaz. Egungo lehendakaria Mnangagwa da; 2017an lortu zuen agintea, estatu kolpe baten ondoren.
Independentziaren ondoren, zimbabwetar zuriei (gehienak, britainiar kolonoen ondorengoak) laborantza lurrak kendu zizkieten, eta antzinako pribilegio gehienak galdu zituzten. Hamar urtean, zuri horien bi herenek alde egin zuten Zimbabwetik. Geratu zirenak gizarteko maila gorenetakoak ziren, harik eta, 2014an, Mugabek publikoki adierazi zuen arte zimbabwetar zuri guztiek «Ingalaterrara itzuli» behar zutela.
2000. urteaz geroztik, gorrotoaren eta indarkeriaren diskurtsoen orbana izan dute Zimbabweko hauteskundeek. 2018ko hauteskundeen ondoren, egoera bortitzak bizi izan ziren, eta horrek agerian utzi zuen gazte langabeak erraz jausten zirela manipulazio politikoan. Eta, azken hauteskundeak nahiko baketsuak izan ziren arren, hauteskunde iruzurragatiko ika-mikek jarraitzen dute. Hauteskunde bakoitzaren ondorengo indarkeriak agerian uzten du beharrezkoa dela gazteentzat bake ekimenak gauzatzen jarraitzea. Baztertuta daude egitura politikoen eta gobernuaren barruan, eta horrek arazoa larriagotzen du, ordezkaritza sinbolikoa ez baita nahikoa haien beharrei erantzuteko.
Hain zuzen ere, gazteak prozesu horretan inplikatzea eta gizarte demokratiko baten garrantziaz jabetzea da 4-H Zimbawue fundazioaren helburua. Herrialdeko gazteenak ahalduntzea eta gaitzea du helburu, lider arduratsuak eta solidarioak izan daitezen, inguruko munduan aldaketa positiboak egin ditzaten.
Aurrera daramaten Sport4peace proiektuarekin, helburu hau dute: konpromiso hori sustatzea eta tradizioz dibergenteak izan diren talde komunitarioak batzea, hainbat komunitatek, alderdi politikok, ikasle sindikatuk eta segurtasun indarrek parte hartzen duten kirol txapelketak antolatuz. Poliziako kideei gonbita egiten zaie torneoetan jokalari edo arbitro gisa parte har dezaten, harremanak leuntzeko eta haien pertzepzioa hobetzeko.

«Gazteek bakea eta tolerantzia sustatzen dituzte Zimbabwen» izeneko aurreko programaren jarraipena da. Aurreko programa hura 2022an hasi zen, eta haren asmoa zen gazteek bakearen eta elkarrizketaren alde parte hartzeko eta konpromisoa hartzeko sortutako oinarriak zabaltzea. Eta estrategia hau zuen: kirola eta arteak sartzea, maila sakonago batean aldaketa sustatzeko.
Proiektuaren lehen fasean ikusi zuten gazte askok zalantzan zebiltzala hauteskunde prozesuetan parte hartu edo ez, hauteskunde kudeaketarekiko mesfidantzagatik edo hautesleen hezkuntzaren eta hauteskunde legeen ezagutza mugatuagatik.
Gainera, emakumeen parte-hartzea txikia izan zen, eta, horren ondorioz, emakumeentzako baliabideak garatzeko ahaleginak egin behar izan ziren. Beharrezkoa zen eragin positiboa sortzea, etorkizun inklusiboago eta demokratikoago baterako, Zimbabweko hauteskundeetan gazteek parte-hartze handiagoa izan dezaten.
2023ko iraileko hauteskundeetatik hasita, artearen eta kirolaren bidez bakea sendotzeko ekimenak txertatzen hasi ziren.
4-H Zimbabwe erakunde independente bat da, irabazi-asmorik gabekoa, 2018an sortua. Fundazioaren jatorria da 2013an onartutako lege bat; lege horrek xedatzen du gobernuak gazteen kuota kontuan hartu behar duela gobernu programetan. Sortu zenetik, ondorengo gai hauek dituzten programetan parte hartu du: gazteen garapena, hauteskunde prozesuak, bake elkarrizketak, eskola adineko haurren zaintza, nekazaritzako klub komunitarioak, eskolak, eskolako eztabaida publikoak, sareak eta alderdi interesdunekiko lankidetza.
Kirola erabiltzen dute jatorri politiko eta sozial guztietako pertsonen arteko tolerantzia sustatzeko tresna gisa, ingurune baketsua bermatzeko asmoz kulturen arteko elkarrizketa bultzatzera eta sustatzera zuzenduta, betiere. Eta erakutsi du eraginkorra dela gazteak eragin diezaieketen gaietan inplikatzeko ere, hala nola: droga abusua, langabezia, delinkuentzia, indarkeria eta diskriminazioa.
Antolatzen dituzten txapelketetan, hainbat alderdi politikotako gazteek parte hartzen dute, kirola elkarrekin egiten dute, eta irakasten zaie zein baliotsua den bakea eta zergatik den garrantzitsua elkarri onartzea. Ekimen hori unibertsitateetara ere zabaldu da, eta elkarrizketaren eta baterako jardueren bidez, Sport4Peace proiektuak aurrekaririk gabeko lankidetza erraztu du 11 alderdi politikoren artean. Horren ondorioz, «Gazteen Bake Konpromisoa eta Zimbabweko Gazteen Gutuna, Bakeari buruzko Politikan, Hauteskunde Prozesuetan» dokumentua sinatu zen, eta gazteek parte hartzeko plataforma bat sortu zen. Bertan, elkarren aurkako ziren ikasle sindikatuak biltzea lortu zen, gai hauek indartzearren: balio demokratikoen kontzientzia eta ulermena, gatazkak konpontzea, eta ikasleen artean bakea finkatzeko estrategiak lantzea. Parte-hartze horrek ingurune baketsuagoa eta toleranteagoa sortzen lagundu du, unibertsitate campusetan eta horietatik kanpo.
