Fundazioaren nahia da kirol zentroa baino gehiago izatea, eta jendeak ezagutu dezala kirola gizartean garatzen duen instalazio eta antolaketa eredu arduratsu, sostengagarri eta gaur egungotzat.
Fundazioaren baliabide nagusiak dira abonatuak eta langileak, eta Gasteizko Cervantes ibilbidean dauden kirol eta gizarte instalazioak. Instalazio horiek, Estadio izenez ezagunak, denboraren poderioz, kalitatezko kirol jarduerarako erreferente bihurtu dira hirian, bai eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko sustapenerako eta hausnarketarako plataforma ere.
Estadio 40.000 metro koadroko kirol eta gizarte jarduerako gune bat da. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazio eta zerbitzu zabalak ditu, hala nola igerilekuak (estaliak eta estaligabeak), gimnasioak eta erabilera anitzeko aretoak, saunak eta hamamak, ludoteka, boulderrak, pilotalekuak (estalia eta estaligabea), 7ko futboleko zelaia, teniseko jokalekuak (estaliak eta estaligabeak ), squashekoa, padelekoa, saskibaloikoa eta hondartza boleibolekoa, haur jolasak... eta berdegune zabalak; profesional talde oso bat; eta jarduera eskaintza oso bat, urte guztian jende mota guztiei kirola egiteko aukera ematearren.
Gaur egun, Fundazioak hogei mila abonatu baino gehiago ditu, eta urtean milioi bat sarrera inguru erregistratzen ditu. Kirolarekin eta haren inguruko munduarekin sentsibilizatutako ahotsen praktikek, kezkek, iritziek eta proiektuek bat egiten duten topagunea.
Historia pixka bat...
Egungo Estadio Vital Fundazioaren jatorria (2021etik horrela izendatua) joan den mendeko 50eko hamarkadaren amaieratik dator. 1957ko otsailaren 26an, Arabako Aurrezki Kutxak erabaki zuen herrialdeko kiroldegi instalazio modernoenetako bat eraikitzea. Cervantes ibilbidean, Gasteizko hegoaldean; barruti hori, hirigintza estrategiako prozesu adimentsu bati esker, urteen poderioz eredu bihurtu da, kirol ekipamendu eta zerbitzuei dagokienez.
Dauden kirol azpiegiturak, elkarren osagarri direnez, eta berdegune garrantzitsuekiko lotura eta harmonia dutenez, Gasteizko eta Arabako biztanleek eta bisitariek gehien estimatzen duten guneetako bat dira.
Hartara, igeriketa, atletismoa, gimnastika, eusko pilota, tenisa, futbola, saskibaloia eta beste kirol modalitate batzuk, sasoi fisikoa zaintzera eta mantentzera bideratuak, gogotsu hartzen dira instalazio horietan. Eta garai berriekin bat datorren erantzuna ematen zaie. Izan ere, gaur egungo gogoak eta eskakizunek gure instalazioei erabateko indarraldia eta modernizazioa ematera behartzen gaituzte aldian-aldian. Halaxe izan da lehenengo urte haietatik.
Horrela, lehendabizi igerileku olinpikoa eta haren tranpolin bereizgarria (ikur aitzindaria) izan ondoren, beste proiektu batzuk etorri dira. Halaxe, Estadiori 1972an egin zitzaion lehen handitze modernoa, lur berriak eskuratuz eta hala igerileku estalia nola gazte eraikina eraikiz. Orduz geroztik, etengabe egin dira aldizkako ekimenak; eta, beharren arabera, Estadioren instalazioak eta bulegoak sortu, eraberritu eta egokitu dira, gaur arte, Estadio Berriak markatutako aldaketa unera arte.
Ondare aberats eta askotarikoa , egungo Fundación Estadio Vital Fundazioari eragina ekarri diona: igerileku estali eta klimatizatuak, gimnasioak, pilotaleku zaharra estalita eta kiroldegi bihurtuta, tenis jokaleku estaliak eta aire zabalekoak, trinketa, futbol eta saskibaloi jokalekuak, hondartza boleibola, sauna zerbitzuak, kafetegia, jolaserako eta aisialdirako lokalak, Working Estadioak...
Hala, bada, Estadio Vital Fundazioak, bere zereginen eta helburuen artean, hala baitagokio, funtsezko zeregina hartu du bere gain, kirola sustatze eta zabaltze aldera. Horrez gain, garrantzia ematen die bizikidetzari, hezkuntzari eta pedagogiari, mundu modernorako beharrezko eta ezinbesteko balioak direla hartuta.