
Esteroideak irabazi handiko merkatu bihurtu dira. Izan ere, hala gizarte mailaren aldetik (gorputz irudia) nola kirol mota batzuetan (dopina den arren) arrakastarako beharrezkotzat eskaintzen dira. Erosten errazak dira; banaketan, publizitatean eta salmentan zuzeneko erantzukizunik ez dago; eta dakartzaten kalteak ez dira ezagunak. Horrek guztiak kontsumoa bultzatzen du, eta 1990eko hamarkadaz geroztik kontsumoa haziz joan da hainbat herrialdetan, hala nola Espainian. 25 urtetik 34ra bitarteko adin tartean kontsumitzen da gehien.
Osasunaren aldetik kalteak dakartza; batzuetan, konponezinak diren kalteak. Kalte horiek gibelekoak, ugalketa aparatukoak, zirkulazio aparatukoak (heriotza goiztiarra barne) eta psikiatrikoak izaten dira; gainera, mendekotasuna eragiten dute. Osasun publikoko arazo bat da, eta gero eta handiagoa da lehiaketako kirolik egiten ez duten arren hainbat helburu edo motibaziorekin gimnasioetan, fitness nahiz estetika zentroetan, kiroldegietan, oposizioak prestatzeko akademietan... jarduera fisikoa egiten dutenen artean, gehiegikeriaz eta kontrolik gabe.
Berariazko arauak sortu dira, gai horien trafikoa eta hornikuntza jazartzeko. Aztertuko dugu zer legedi dagoen indarrean, bai trafikoari eta eskaintzari dagokienez, bai erabilera edo kontsumoari dagokionez; zer polizia operazio eta prozedura judizial egiten diren; hurbileko kirol proben errealitatea zein den; kirol errendimendurako aukera osasuntsuetako hezkuntza; eta pertsonen osasunerako arriskuei buruz sentsibilizatzeko kanpainak.
Gaia lantzera etorriko zaizkigu:
- Borja Osés, kirol arloko abokatua; Espainiako txapeldun izandako triatleta ohia.
- Eduardo Martínez, Ascentium enpresako zuzendari kudeatzailea.
- Amaia Martioda, txirrindulari profesional ohia, Giza Dietetika eta Nutrizioan graduatua, EPICFIT taldeko nutrizionisten burua.
