Globoa «airean» doakigu, udazkeneko denboraldia arte

Eta tranpolina berriro martxan jartzearekin batera, «globoa» kenduko dugu (Mai/1), udaldian familia igerilekua eta inguruko belarra berreskuratzearren. Udazkenarekin itzuliko da.

Eraikin nagusiaren behin-behineko itxieraren ondorioz, ezin izan ziren uretako instalazio estaliak erabili. Horrenbestez, ahalik eta aukerarik onena bilatu zen gure abonatuentzat zerbitzuak mantentzeko: kanpoko familia igerilekua neguan etengabe erabiltzeko aukera emango lukeen formula bat.

«Globoa» izenez da ezaguna lagunartean, eta ingeniaritzako erronka handia da: airea sartuz espazioak estaltzeko diseinatutako egitura bat, armazoi sendo eta astunik erabili beharrik gabe. Horri esker, klimatizatutako igerileku bat izan dugu; eta, tenperaturak araudietan ezarritakoa betetzen duela ziurtatzeaz gain, eguraldi txarraren eragozpenak saihestu ditugu (apirilaren 30era arte).

ERAISTEA, HAZTEKO

Dagoeneko bi urte baino gehiago igaro dira lehen hondeamakina Estadion sartu zenetik, instalazioak eraberritzeko asmo handiko prozesu bati ekitearren. Orduz geroztik, era guztietako egoerei egin diegu aurre, konplexuagoak edo ez hain konplexuak, ikusgarriak edo ez hain ikusgarriak, erabiltzaileentzat gogaikarriagoak edo ez hain gogaikarriak; baina guztiak ere ilusioz beteak, lehen mailako kirol, gizarte eta aisialdi zentro bat izateko proiektu baten zati gisa.

Prozesu horretan guztian, espazio berriak sortu dira, jarduerak lekuz aldatu dira... eta, beti ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko helburuarekin lan egin den arren, eskertzen dizuegu hori ezinezkoa izan denean ulertu izana.

Oraintxe, obrak eraikin nagusiko aurreko gauzak eraisteko eta kentzeko fasean daude. Ia eraitsita dago 9.000 m² baino gehiagoko azalera. Eta, deseraikitze prozesu horretan, Estadioren bihotza aldatu behar izan dugu, instalazioei dagokienez. Orain, elkartuta doazen bistako lanak egiten ari gara, eraikin guztietako hartune elektrikoak eta suteen aurkako babesekoak aldatzeko. Aurki hasiko gara eraikinaren kanpoko estalkitik landare lurra kentzen; eta, handik gutxira, nabaritzen hasiko da eraikin nagusi berria Gazte eraikinerantz hazten dela.

ALDAGELAK, TRINKETEKO ZELAIAN

Fase honetan, eta obrak behin betiko amaitu arte, aldagela modulu batzuk ezarriko dira trinketeko zelaian; erabateko segurtasuna bermatuko dute  erabiltzaile guztientzat. Ia 20 modulu izango dira, elkarrekin ezarriak (kanpoko familia igerilekuan —globoa dagoen igerilekuan— daudenak baino handiagoak). Armairuak, bankuak eta dutxak izango dituzte, tenperatura eta osasungarritasun berme guztiekin. Hasierako asmoa da aldagela modular horiek mantentzea, berriak erabiltzeko moduan izan arte. Aldez aurreko lanak berehala hasiko dira, eta maiatzaren 2an inauguratzeko asmoa dugu. 

Badakigu eraiste fasea dela itsusiena eta gogaikarriena; baina ezinbestekoa da, aurreikusita ditugun hobekuntza guztiak eskaini ahal izateko.

Eskerrik asko, berriz ere, zuen ulermenagatik eta Estadio Berri honen ahalik eta bertsiorik onena sortzen laguntzeagatik.

Gazte igerilekua maiatzaren 1etik aurrera irekita egongo da, astegunetan, 7:00etatik 22:00etara; eta asteburu-jaiegunetan, 8:00etatik 22:00etara.