Jarduera fisiko erregularra eta gaixotasun kronikoak

Jarduera fisiko erregularra eta gaixotasun kronikoak

Ebidentzia argi eta ugarik adierazten dute elkarri lotuta daudela jarduera fisikoaren mailak eta heriotza tasaren murrizketa, biztanleria orokorraren artean. Hala ere, gaixotasun kronikoa duten helduen artean, ez dira hain argiak jarduera fisikoaren maila altuagoen eta hilkortasun txikiagoaren arteko dosi-erantzun erlazioa babesten duten ebidentziak. Kasu horretan, dosi-erantzun erlazio batek esan nahiko luke jarduera fisikoak gora egin ahala hilkortasunak behera egiten duela.

International Journal of Behavioral Nutrition and Physical Activity aldizkarian argitaratutako azterlan batean, gaitz kroniko jakin batzuk dituzten pertsonen artean diagnostikoaren ondorengo jarduera fisikoak eta heriotza tasak elkarren artean duten dosi-erantzun erlazioaren berrikuspen sistematikoa eta metaanalisia egin zituzten. Azterlanean, 28 artikulu sartu zituzten ondorengo hiru gai hauei buruz:

  • 2 motako diabetesa,
  • buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa (BAGK),
  • bularreko minbizia, eta
  • kardiopatia iskemikoa (KI).

Azterlanaren emaitzek diotenez, lotura dago jarduera fisikoa egitearen eta edozein arrazoirengatiko heriotza tasa txikiagoa izatearen artean. Asteko jarduera fisikoan lan metaboliko baliokideak izaten duen 10 orduko igoera bakoitzeko, hilkortasun-probabilitatea murriztu egin zen (10 orduko igoera hori lortzeko, edo intentsitate arineko ariketa ordu batzuk egiten dira, edo oso jarduera handiko ordubete egiten da). Talderik aktiboenek % 22ko murrizketak izan zituzten bularreko minbiziaren kasuan, % 12koak KIaren kasuan, % 30ekoak BAGKren kasuan, eta % 4koak 2 motako diabetesaren kasuan, hain aktiboak ez ziren taldeekin alderatuta. Dosi-erantzun erlazioak ez ziren hain definituak izan asteko gomendioak baino bost aldiz handiagoak ziren jarduera fisikoaren mailetarako. Nahiz eta alborapen arriskua egon daitekeen —izan ere, datuak biltzeko, jarduera fisiko autoinformatua eta behaketa saiakuntzak erabili ziren, eta ez ausazko saiakuntza kontrolatuak—, aurkikuntza horiek bat datoz aurreko ikerketekin, jarduera fisikoaren mailarik altuenak hilkortasun arrisku txikiagoari lotuta daudela iradokitzen baitute.
 

Datuak: Geidl W, Schlesinger S, Mino E, Miranda L, Pfeifer K. «Dose-response relationship between physical activity and mortality in adults with noncommunicable diseases: a systematic review and meta-analysis of prospective observational studies». Int J Behav Nutr Phys Act. 2020;17(1):109. Publicado en 26 de agosto de 2020.