Lighthouse Relief irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2015ean sortua. Greziara migratutako pertsonei laguntzeko helburua du, haiei laguntza emanda eta haien ongizatea sustatuta. Erakunde horren Score4TheFuture programak kirola erabiltzen du, errefuxiatuen esparruetan haur eta gazteen osasun mental eta fisikoa hobetzearren, gizarte kohesioan eta genero berdintasunean oinarritutako ikuspegi batekin, kirol inklusiboaren bitartez. Hainbat kiroletako saioak egiten dira astero, emakumeentzat soilik diren jarduerak barne, tokiko klubekin lankidetzan, erresilientzia eta gizarteratzea sustatzeko asmoz. 2024. urtean bakarrik, Score4TheFuture programak 160 saio eskaini zizkien 500 parte-hartzaileri baino gehiagori; horietatik % 90ek ongizatea hobetu zuen, eta % 75ek konexio berriak sortu zituen, komunitateko tentsioak murriztuta.
Ritsona da, 2.000 biztanlerekin, Grezia kontinentaleko iheslari esparru handiena. Hango biztanleek osasun arreta, saneamendu eta elikadura eskasak nozitzen dituzte. Atenastik 75 kilometrora dagoen arren, gaizki dago komunikatuta; horrek, espetxe giroarekin batera, bakardade eta antsietate sentsazioa areagotzen du. Lighthouse Relief erakundeak, besteak beste, laguntza psikosoziala eskaintzen die. Eta, Score4TheFuture proiektu sarituaren bidez, kirola erabiltzen du, haurrei trauma gainditzen eta aurrera egiten laguntzeko.
Kanpamenduan bizitzeak asperdura, bakardadea eta etsipena sortzen du; eta, gainera, trauma osteko estresaren nahasmendua ere larriagotu dezake. Bereziki, adingabe eta nerabeen artean; izan ere, adin txikikoak diren arren, esperientzia traumatikoak bizi izan dituzte beren jatorrizko herrialdeetan, eta indarkeriaren, marjinazioaren eta garatzeko aukera ezaren eraginpean jarraitzen dute. Nutrizio txarrak, edateko ura eskuratzeko aukera mugatuak, higiene desegokiak eta bizitza monotonoak larriki eragiten diote haien ongizate mental eta fisikoari.
kirolean aurkitu zuen irtenbidea. Jolasaren, kirol jardueraren eta sormen irteeren bidez, egoera zailei aurre egiteko, sendatzeko eta bizitzarako trebetasunak garatzeko aukerak ematen dizkie gazteei, emakumeei eta, bereziki, testuinguru hauskor horietan bizi diren haurrei. Genero berdintasuna, elkarrekiko errespetua eta kohesio komunitarioa ere sustatzen ditu. Greziako kirol klubekin futbol txapelketetan eta baterako entrenamenduetan duten interakzioa eta parte-hartzea funtsezko elementua da, bide horretan aurrera egiteko.
Proiektuak urtero 400 gazteri tresnak ematen dizkie, gizarte bazterketa gainditzeko eta aurrera egiteko, egoera zaila den arren. Epe luzera, hartutako pertsonen ongizatea ahultzen duten faktore psikologiko eta sozial interkonektatuei heltzen die.
Score4TheFuture proiektuak trauman jartzen du arreta, ekimen honetako parte-hartzaileengan duen eragina aitortzen du, eta haien segurtasuna, konfiantza, lankidetza, ahalduntzea eta sendatzea sustatzen ditu. Programak psikologia, kirol zientziak eta genero ikasketak uztartzen ditu, garapen pertsonala eta komunitateen eraikuntza bultzatzearren, Garapenerako Kirolaren printzipioei jarraituz. Bizitzarako trebetasun baliotsuak ematen ditu, hala nola gatazkak konpontzea, arau sozialak errespetatzea, emozioak kudeatzea eta talde lana. Era berean, genero berdintasuna, elkarrekiko errespetua eta komunitate kohesioa sustatzen ditu, hainbat kultura, hizkuntza eta erlijio jatorritako parte-hartzaileen artean.
Lekukotasunak:
«Normalean, kanpamentuan ematen dugu egun osoa, inolako zereginik gabe. Partida bat jokatzen dugunean bertako talde greziarrarekin, edo gure artean jokatzen dugunean eta denbora elkarrekin gozatzen dugunean, 90 minutuz beste ezertan pentsatu gabe, ona da gure osasun mentalerako.» (Adam [fikziozko izena], 23 urte, Sierra Leonakoa)
«George [fikziozko izena], 10 urtekoa, gure jardueretara etortzen hasi zenean, taldeko kide bat izendatu behar izan genuen gertutik zaindu zezan. Izan ere, borrokak hasten zituen, jarraibideak alde batera uzten, eta besteen ariketak eteten. Haur iheslari askok bezala, deserrotua izatearen eta egoera latzean bizitzearen trauma pairatzen zuen. Hala ere, denborarekin, haren futbol trebetasunak hobetu ziren, eta horrek konfiantza irabazten lagundu zion. Laster hasi zen baloia pasatzen, epaileari entzuten, eta bere taldeko gainerako jokalariak animatzen. Falta batengatik barkamena eskatu ere egin zuen, eta beste jokalariari altxatzen lagundu zion!»
Nazioarteko Bake eta Kirol Foroaren 2024ko saria
Nazioarteko Bake eta Kirol Foroak Score4TheFuture proiektua hautatu zuen, 2024ko sarietarako, «Kirolaren bidezko ahalduntzea» kategorian. Aintzatetsi zuten nola Ritsonako kanpamenduko haurrek konfiantza hartu duten astero egiten dituzten futboleko, saskibaloiko eta beste batzuetako kiroletako jardueretan, nozitzen dituzten trauma, gizarte isolamendua eta antsietatea gainditzeko.
Lighthouse Relief proiektuaren jatorria
2015eko irailean, Greziako kostaldera iritsitako batez besteko kopurua egunean 4.000 pertsonako maximotik gertu zegoenean, Suediako, Norvegiako, Siriako, Espainiako eta Erresuma Batuko boluntarioak Skala Sykamineas herrian (Lesbos) bildu ziren, eguneko 24 orduetan oinarrizko larrialdiko erantzuna koordinatzeko.
Hondoa jotako ontziak zaintzen zituzten, eta manta beroekin hartzen zuten lehorreratzen zen jendea. Hondartzaren ondoko zelai batean, hipotermiarako tratamendua, janari beroa, arropa lehorra eta beste lagungarri batzuk eskaintzen zituen kanpamendu bat ezarri zuten. Lighthouse Relief proiektuaren sortzaile bihurtu ziren.
Gaur egun, gobernuz kanpoko erakunde horrek babes humanitarioaren gabeziak estaltzen ditu, babes bila ihesi datozenentzat. Grezian, 90.000 asilo-eskatzaile inguruk dituzte oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak; erakunde horrek segurtasun sare bat eskaintzen die ahulenei. Haur txikiak dituzten familiak, ama ezkongabeak, genero indarkeriatik bizirik atera direnak eta ahultasun ugari dituzten beste pertsona batzuk dira Lighthouse Relief erakundearengana hilero laguntza bila jotzen duten mila lagunetatik gehienak.
