Miren Artaraz, master mailako errepideko txirrindularitzako Espainiako txapelduna

«Adina ezin da eragozpen izan»

Zure kasua ez dator bat ohiko kirol karrera batekin. Nola sortu zitzaizun txirrindularitzarekiko lotura?
Korrika aritzen nintzen, baina belauneko lesio bat izan nuen; eta, berrogei urterekin, 2011n, bizikletan ibiltzen hasi nintzen. Probatu... eta harrapatu egin ninduen.
Hasieran, oinarrizko bizikleta bat erabili nuen, burdin puska bat; gero, errepideko bat erosi nuen, eta nire lehen proba egin nuen, Castro-Castro. Handik aurrera askoz gehiago etorri ziren.

Eta nolakoa izan zen Espainiako master txapelketa baterako jauzia?
Benetan kirol klubekoa naiz, eta nire taldean («goiztiarrak» deitzen digute, beti goizeko zazpietan ateratzen garelako) bada taldekide bat, Enrique, patinatzailea ere badena eta lehiatzen dena. Hark esan zidan: «Uste dut zure adinarekin oso ondo zabiltzala, eta masterrean aukerak izan ditzakezula». Halaxe, duela bi urte Espainiako txapelketara aurkeztu nintzen, Albaceten, eta brontzea lortu nuen errepidean. Iaz Sorian lehiatu nintzen: urrea eskuratu nuen errepidean, eta brontzea erlojupekoan.

Nola gogoratzen duzu lehen mailako lehiaketa bateko estreinako esperientzia?
Oso gogorra. «Goiztiarrak» mutilak dira denak, indartsu entrenatzen gara, mutil horiek 40 urte inguru dituztelako, baina lehiaketan jendea jo eta su doa. Tentsio izugarria zegoen, bete-betean gindoazen, erorkera bat tartean, kazkabarra... Tentsio eta ahalegin horrekin guztiarekin, azkenean negarrez amaitzen duzu proba. Dena elkartzen da... baina poz itzela, jakina.

Brontzetik urrera pasa zinen bi txapelketatan, urtebete soilean.
Iaz dagoeneko pixka bat ibiliago, prestatuago nindoan. Gainera, Albaceten emakumezkoetako 30, 40 eta 50eko masterrak eta gizonezkoetako 60koak lehiatu ginen. Sorian, aldiz, neskok bakarrik parte hartzen genuen lehen aldia izan zen, eta horrek jokalekua aldatu zuen. Inork ez zekien esperientzia hori nola aterako zen, eta tira, atera zen... Nire estrategia izan zen lasterketako burua ez galtzea. Fisikoki dena eman behar duzu; bestela, bertan behera geratzen bazara, oso gogorra da. Lasterketaren erdialdean gindoazela, ikusten nuen nire mailakoak atzetik zihoazela eta dagoeneko aurreko taldetik eteten ari zirela. Pentsatu nuen: «Hara! Ez ote naiz ba Espainiako txapeldun izango...». Ez nintzen lehenengoa iritsi, 30ekoak eta 40koak lehenago iritsi zirelako, baina irabazi nuen. Negar egin genuen, pozaren pozez. Ikaragarri polita, ikaragarri polita.

Zer da garrantzitsuena: indar fisikoa, mentala ala taktikoa?
Hirurak. Fisikoa, entrenamenduagatik; mentala, aurretiko esperientziagatik; eta taktikoa, gruppettoko lanagatik: tropelean ibiltzea, esprintak kudeatzea edo zati gogorrenetan moldatzea. Atzean entrenamendu errutina handia dago.
Definitzen nauen hitza «adoretsua» da. Saiatua naiz; aski burugogorra, zentzu onean. Hori kirolari nahiz bizitzari dagokio. Aurrera egin behar bada, aurrera egingo dugu.

Domina lortu duzu bai errepidean, bai erlojupekoan. Zein diziplinatan zabiltza ondoen?
Errepidean. Nire eremu naturala da, eroso sentitzen naiz ahalegin luzeak eta talde dinamikak kudeatzen. Erlojupekoa, aldiz, beste kontu bat da. Probatzeagatik egin nuen, prestakuntza berezirik gabe. Bizikleta egokia ere ez zeraman («ahuntz» erako bizikleta). Hala ere, brontzea eskuratu nuen. Baina oso diziplina zorrotza da, eta ez dut uste errepikatuko dudanik.

Lehiatzen zara, zikloturismoa ere egiten duzu... Zein dira gehien gozatzen dituzun probak?
Filosofia desberdina da. Martxa zikloturistetan, taldeak erabakitzen duenaren abiaduran goaz: indartsu edo lasai. Txapelketetan, nire helburua argia da: dena eman, saiakeran hil gabe.
Bereziki gozatu ditut Luchon-Baiona, Flandriako Tourra edo Irati Xtreme. Larrau-Larrau proba, Erronkari ibarrean, edo Cantabrona, bere paisaiengatik. Pyreneenne ere irabazi nuen duela urte batzuk, besteak beste Tourmalet eta Hautacam mendateak igota. Garaipen horretaz bereziki harro nago.

Hurrengo txapelketetan pentsatzen ari al zara dagoeneko?
Aurten zikloturismora bideratu nahi dut: Luchon-Baiona, Haimar Zubeldia proba... eta, agian, Espainiako Txapelketa, Talavera de la Reinan. Ez dut epe luzera planifikatzen. Urtez urte noa. Ez dut bizikleta utzi nahi, baina lehiarena ikusten joango naiz.

Txirrindularitza zure egunerokotasunean sartu duzu. Zer ematen dizu? Zure bizitzako beste alderdi batzuk sakrifikatzea eskatzen dizu?
Niretzat, kirola baino askoz gehiago da. Bizikleta funtsezkoa da nire bizitza sozialean. Astegunetan bi egunez entrenatzen dut, bi ordu eta erdi inguru; eta asteburuetan 80, 100 edo 120 kilometroko irteera luzeak egiten ditugu. Nire gruppettoa nire ingurune garrantzitsuenetako bat da, astean lau egun ematen ditut haiekin, urte osoan. Horrek lotura oso sendoak sortzen ditu.
Nire alabak emantzipatuta daude, eta ondo uztartzen ditut txirrindularitza eta lana (jarduera sedentario bat). Ez dut sentitzen gauza garrantzitsuei uko egiten diedanik. Gaueko plan bat badago, besterik gabe lehenago alde egiten dut. Ez dut alkoholik edaten; beraz, ez zait kostatzen.