Autobusez, Burgos hirirantz jo genuen, Giza Eboluzioaren Museoa (Museo de la Evolución Humana) ikustera. Museo aparta da. Han, sakonago ezagutu ahalko ditugu bai gizakiaren eboluzioa, bai Atapuercako aztarnategietan hamarkada askoan egiten ari diren sekulako lana.
Bisitan zehar, gidari ezin hobea izan genuen, Atapuercako aztarnategietako langilea eta ikertzailea ere badena. Gidari horrek lagundu gintuen, eta hurbiletik, sakonetik eta arreta handiz esplikatu zizkigun hainbat xehetasun: museoaren zati bat; Atapuercako aztarnategietako lana, ikerketa metodoak eta historia; giza eboluzioaren historia; eta gure historian barneratzen gaituen proiektu garrantzitsu horren inguruko hainbat eta hainbat jarduera. Luxu sinestezina izan zen, bisitariok luzaroan eskertuta egoteko modukoa.
Beste gauza askoren artean, ondorengo hauek ikusi ahal izan genituen: Miguelon delakoaren jatorrizko gorpuzkiak, hau da, Homo heidelbergensis gizakiaren burezur fosil osoena eta munduan hobekien kontserbatu dena, duela 430.000 urte ingurukoa, Miguel Indurain txirrindulariaren omenez bataiatua; Excalibur aurpegibikoa (kuartzita gorriz egindako eskuko aizkora), Sima de los HUESOS leizean aurkitua, gizadiak izan duen sinbolismozko edo hilobiko portaera zaharrenaren ebidentzia kontsideratzen diren giza hondakinekin batera; Elvis (Pelvis 1), Homo heidelbergensis gizakiaren pelbis maskulinoa, gure arbasoen lokomozioari, erditzeari eta gorputz masari buruzko alderdiak erakutsi dituena; Dolina Handiko Mutila (Homo antecessor), hondakin fosilak (masailezurrak, hortzak eta kalota), duela 850.000 urte baino gehiagokoak, Homo antecessor espeziea definitzea ahalbidetu zutenak, Europako mendebaldeko hominido zaharrena; Hominidoen Galeria: giza eboluzioaren hamar arbasoren tamaina naturaleko eskultura hiperrealistak, Elisabeth Daynès frantses paleoartistak eginak; Luci, Sima de los Huesos leizean aurkitutako toraxeko kutxaren ezizen maitagarria, Homo heidelbergensis gizakiarena den eta 430.000 urte inguruko antzinatasuna duena, Giza Eboluzioaren Museoan ikusgai dauden pieza fosilen artetik ikusgarri eta enblematikoenetako bat.
Gainera, bisita bat baino gehiago merezi duen eta gizateriaren historia sinestezinean murgiltzen gaituen museo erraldoi eta moderno horren barruan erakusketa iraunkor eta aldizkako batzuk ikusteko astia izan genuen. Era berean, hainbat ikuspegitatik giza eboluzioari buruzko azalpenak ematearren museoak dituen eskultura eta pintura lanez gozatu ahal izan genuen.
Museoaren goiko solairuan barrena genbiltzala eta liburu denda bisitatzen ari ginela, zorioneko topaketa bat izan genuen: han aurkitu genuen Juan Luis Arsuaga, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Paleontologiako katedraduna, UCM-ISCIII Giza Eboluzio eta Portaeraren Zentro Mistoko zuzendaria, Burgosko Giza Eboluzioaren Museoko zuzendari zientifikoa, eta Atapuercako indusketetako zuzendaria, besteak beste. Estadioko kide batzuek hark eskaintza batekin izenpetutako liburu bat ekarri ahal izan zuten.
Museoko bisita bukatu ondoren, edariren bat hartu genuen, eta autobusez Pancorborantz abiatu ginen, La Casona jatetxera hain zuzen ere. Han, Jorgek eta haren taldeak harrera bikaina egin ziguten, eta janari tradizionala eskaini ziguten giro lasai, zaindu eta abegikorrean. Otordu erabat bikaina izan zen; arreta, zoragarria; eta konpainia, ezin hobea. Amaitutakoan, herrian zehar ibili ginen, bazterrak ezagutzen eta etorkizunerako zenbait jarduera proiektatzen.
