2025/2026 denboraldiko gure lehen mendi-ibilaldian, La Toberiako ur jauzien ibilbidea ezagutzeko aukera izan dugu, eta Entzia mendilerroko Legaireko ordokietara igo gara, Arabako lautadaren gainetik, Nafarroa Garaiarekiko mugaren ondoan.
Eguna hotz, lainotsu eta oso eguraldi iragarpen gustagarriarekin esnatu da. 09:30ean Andoinera iritsi gara, gure ibilbidea hasten den lekura; eta, lainoak jarraitzen duen arren, inguruko gailurretan argia eta eguzkia agertzen hasi dira.
Herria hegoalderantz zeharkatuz hasi gara oinez, etxe eta baserriei begira, bai eta Arabako lautadako txoko polit hau apaintzen duten baratzeei, fruta-arbolei eta loreei ere. Pixkanaka-pixkanaka, basoan sartu gara, lurrezko mendi bide eroso bati jarraituz. Ikusiz joan gara nola eguzkiaren izpiek zuhaitzen adaburuak zeharkatzen dituzten, udazkeneko paisaia oparo hori argituz eta berotuz. Astigarrak hasiak dira gorritzen; pagoak, horitzen; hostoak, erortzen; eta, gure bidearen alde bietan, ehunka urteko haritz handiek lagundu gaituzte gure ibileran. Udazkena hasi da bere galazko soinekoak erakusten, lotsati. Jai handi bat izango dela dirudi.
Ganadua igarotzea eragozten duen langa bat zeharkatu dugu, eta behar bezala itxita utzi dugu. Aurreraxeago, bidegurutze batera heldu gara. Ur jauzietarako ohiko bidea balizatuta dago mendebalderantz; hau da, eskuinerantz, igotzen ari garenean. Hala ere, erabaki dugu hego-ekialderantz doan bidea hartzea, egokiak baitira eguraldia, ibilbidea eta taldearen gogo-aldarteak.
Aukeratu dugun ibilbideari esker, oso jende gutxik ibilitako bidezidor txiki batetik aurrera egin dugu. Ibilbide horrek errekaren ibilgua zeharkatzen du hainbat lekutan; eta, batzuetan, aukera ematen digu ibilgutik bertatik aurrera egiteko. Gainera, bainatu ere egin gintezke ibilguan han-hemenka dauden putzuetakoren batean.
Duela gutxi eroritako zuhaitz batek, gure ibilbideko malda handieneko gunean, desafio egin die gure asmamenari eta trebetasunari. Kontu pixka batekin, oztopo hori zeharkatzearren eta gure ibilbidean aurrera jarraitzearren, gure trebetasunak baliatu ditugu: malgutasuna, oreka, laguntasuna... Batzuetan, naturak ustekabean harrapatzen gaitu, eta horretarako prest egotea komeni da.
Paisaia zirraragarria da: landaretza hostotsua, putzu gardenak eta toba itzelak, gure basoetako jauna den Basajaunen bizarren antzeko likenez eta landaretzaz estaliak. Erreka horretako ur jauzirik altuenera iritsi gara. Jendea bide nagusitik etorri ohi da bertara. Leku horretan, erabaki dugu Legaireko zelaietara igotzea, bide arruntetik; hau da, erabaki dugu ez joatea oso jende gutxik ibiltzen duen eta zenbait urrats ez oso nabarmen dituen bidezidor batetik. Hala, bada, atzean utzi ditugu errekaren ibilgua eta hango ibai paisaia, eta hurrengo helmugara eramango gaituen galtzadaren bila jo dugu. Bigarren pago erori berri batek (aste honetan bertan erori dela ematen du) moztuta dauka mendi bidera garamatzan bidezidorra. Beraz, berriz ere, hura gurutzatzearren, gure trebetasunak erakutsi behar izan ditugu.
Ur jauzi horietara iristeko bide tradizionalera iritsi gara. Hari jarraituz, hasi gara igotzen Legaire ordeketara, Entzia mendilerroaren gainaldera. Pixkanaka-pixkanaka, bakoitzak bere erritmoan, goraka jarraitu dugu, masusta gozo-gozo batzuk jasoz, txorien txioak entzunez, eta ibiltzeak eta eguzkiaren izpiek ematen duten beroa sentituz, gure ibilbideko punturik altuenera iritsi arte.
Egunak ikuskizun bikaina eskaintzen digu, eguzkiaren argitan, eta lurraldearen ikuspegi sinestezinarekin, Arabako lautada osoa estaltzen duen hodei itsaso handi batekin. Hodei itsaso horretatik azaleratzen dira Eginoko hormak, Aratz mendia eta Aizkorri mendilerroa. Urrutiago, bigarren planoan, eta itsasoan ageri den marrazo baten hegala balira bezala, begien bistan ditugu Txindokiko gailurra eta Aralar mendilerroa.
Ikuspegiekin, eguzki-bainuarekin, solasaldiekin eta mokadutxoekin gozatu dugu, zelaietan eserita.
Atsedenaldi eder baten ondoren, beheranzko bideari ekin diogu, indarberrituta, gorputza eta arima argiz eta beroz beteta, eta taldean giro aparta daramagula.
Jaitsieran, gure ibilbideari eskatzen duen arreta eskaini diogu, eta Legaireko zelaietara igotzen ari direnak agurtu ditugu.
Herriko plazara iristen ari ginela, ardi latxen segizio batek agur egiten digu, beeka eta algaraka. Autobusa zain dugu, aurreikusitako orduaren inguruan itzultzeko.
