
Arabatxo klubeko emakumezkoen eta gizonezkoen taldeek hasiera eman zioten denboraldiari Gijonen, azaroaren 15ean eta 16an jokatutako Ipar Koparekin.
Proba hori Arabatxo klubak iaz berreskuratu zuen, antolatzaile gisa, eta Galiziako, Asturiasko, Gaztela eta Leongo, Aragoiko eta Euskadiko gimnastak biltzen ditu.
Arabatxo hogeita hamar bat kirolarirekin joan zen hitzordura. Bikain aritu ziren proban, eta domina uzta ederra bildu zuten, bai aparatuen araberako sailkapenetan, bai orokorretan eta taldekakoetan. Aipagarria izan zen sailkapen mistoko bigarren postua; emakumezkoen eta gizonezkoen bi kirolari onenen batuketa saritu zen sailkapen horren bidez. Denboraldi hasiera bikaina, zalantzarik gabe.
Ipar Koparen ondoren, emakumezkoen taldeak Iberiar Ligan parte hartuko du. Lehia horretako lehen hitzordua azaroaren amaieran izan da, Vila-realen.

Bestalde, Arabatxo Gizonezkoen Gimnastika Artistikoko Munduko Txapelketetan izan zen, Unai Baigorriri esker. Gasteiztarrak zaldi arkudunean eta barra finkoan parte hartu zuen. Haren espezialitate handienetako bi dira, zoruarekin eta jauziarekin batera. Zaldi arkudunean, eroriko batek kendu zion finalera sartzeko aukera. Bigarren aukeran, barra finkoan, ariketa egokia egin zuen, baina ez zen nahikoa izan zortzi onenen artean sartzeko.
Munduko Txapelketara iritsi arte, Xabier Larrimberen ikasleak Europako Txapelketa bat, Munduko Kopako bi proba, Unibertsiada eta kontrol tekniko batzuk jokatu ditu. Azken proban, Parisko Munduko Kopan, barra finkoko finalean sartu zen eta merezimenduzko seigarren postua lortu zuen.
2025 honetan, Baigorrik ziklo olinpiko berri bati ekin dio; Los Angelesen amaituko da ziklo hori, 2028an.
Azkenik, Arabatxo gimnastika klubaren presentziak hazten jarraitzen du, eta Jaime Ruiz de Eguino entrenatzaileak nazioarteko epaile titulua lortu du.
