Chasing M’s Foundation

Gazteen kirolean bat-bateko heriotza prebenitzea

Damar Hamlin (26 urte, Ameriketako Estatu Batuak) estatubatuar futboleko jokalari profesionala da. Gaur egun, NFLko Buffalo Bills taldean dihardu. Haren historia ez zen familia txiroetan jaiotako beste atleta batzuen historiatik bereizten, bere kirol trebetasunei esker etorkizun hobea izatea lortu baitzuen. Hari eta iaz, 3-7 galtzen ari ziren partida bateko lehen laurdenetik sei minutu baino gutxiago geratzen zirenean, Bengals taldeko hartzaile batekin talka eginda lurrera erori zen arte. Altxatu zen, baina berehala konortea galdu zuen, eta erorikoan belarraren kontra jo zuen buruarekin. Kideak eta zaleak shock egoera zeudela, medikuak berehala sartu ziren zelaira, bihotz-biriketako bizkortzea egin zioten eta, egonkortu ondoren, ospitalera eraman zuten anbulantzian.

Unibertsitatean ikasten ari zela, Chasing M's arropa-marka ezaguna merkaturatu zuen, eta izen bereko fundazioa sortu zuen bere komunitateari laguntzeko modutzat. Fundazioaren bidez, jostailu bilketak, haurrentzako kanpalekuak eta eskoletara itzultzeko kanpainak egin zituen. Urte horretarako, 2.500 dolar biltzea zuen helburu. Ospitalean sendatzen ari zela, jokalariari babesa erakustearren, jarraitzaileek 3,5 milioi dolar baino gehiago eman zizkioten Damarrek NFLra iritsi aurretik sortutako ongintzako erakunde horri.

Orain, Chasing M's Foundation erakundeak gazteen garapena, osasuna eta segurtasuna lantzen ditu, kirolen, parte hartzeko jardueren eta trebakuntzaren bidez. «Gertatu zitzaidana dela eta, lanean ari naiz herrialde osoko haurrek, behar izanez gero, nik izan nuen arreta mediko bera izan dezaten», adierazi du Hamlinek. «Gehien inspiratu nauen gauzetako bat dira bizitza errealeko istorioak, nola hainbat pertsonak nire esperientziari esker BBBn (Lehen Sorospenak eta Bihotz-biriketako Bizkortzea) trebakuntza jasotzea erabaki zuten, eta gero beste pertsona batzuen bizitza salbatu zuten.»

NFLn berriz ere jokatzen ari delarik, bere fundazioan dihardu jo eta su, kirolean bat-bateko heriotzaz kontzientziatzeko hainbat programa abiatuta. Eta, jostailu bilketak alde batera utzi ez dituen arren, martxan jarri ditu estatubatuar futboleko bekak eta kanpamenduak, uniformeak eta bidaia poltsak ematen dizkie UYFLko (Gazteen Futbol Liga) taldeei, eta funtsak ematen ditu familiek gazteak liga horretan inskribatu ahal izan ditzaten. Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuetako mailan lehiatzearren herrialde osoan bidaia bat egitearen esperientzia ordaintzen die, eta osasun eta ongizate ekimen bat babestu du, gazteei eliteko atletak entrenatzeko programa batean sartzeko aukera ematen diena.

Hala ere, zalantzarik gabe, Hamlinen ahalegin handiena BBBn trebatzera eta KDAk (kanpoko desfibriladore automatizatuak) gazte kirol-taldeei banatzera bideratu da. Klub horietako dozenaka entrenatzaile suspertzen ikasteko ikastaroetara joan dira, eta desfibriladoreak jaso dituzte Hamlinen ongintzako erakundetik, beren komunitateetako haurrak babesteko.

Iaz bira bat egin zuten Estatu Batuetan eta Britainia Handian, Bihotzaren Ameriketako Estatu Batuetako Elkartearekin (bihotzaren eta burmuinaren osasunean diharduen munduko erakunde boluntario nagusia) lankidetzan, esku hutsekin BBB egiteari buruzko trebakuntza eta hezkuntza eskaintzen, eta 340.000 dolarren balioa duten KDAk banatu zituzten gazteen kirol erakundeetan. Gainera, indarrak batu ditu beste erakunde batzuekin, hala nola Tepper Sports & Entertainment erakundearekin (Carolina Panthers taldearen jabea den enpresa, kirol frankizien kudeaketan espezializatua), Fordhameko softbol jokalari ohi Sarah Taffetekin, edo NFLarekin berarekin. Horrela, guztiek batera, ahal duten pertsona guztiei formakuntza eskaintzen diete suspertzearen eta desfibriladorearen arloan, eta bultzatzen dute estatuek politikak ezer ditzaten, bigarren hezkuntzako ikasleen artean bat-bateko bihotz geldialdiek ondorio latzak ekar ez ditzaten. Politika horietan sartzen dira larrialdiko ekintza planak egitea, bigarren hezkuntzako kirol instalazio bakoitzean argi markatutako KDAak izatea, eta entrenatzaileei BBB eta KDA gaikuntza ematea. AEBko estatu batzuek —New Yorkek, kasu— dagoeneko onartu dute KDA ezartzeko plan bat izatea eskatzen duen lege bat.

Haren borroka Kapitolioraino iritsi da, non legegileekin eta KDA eskuragarri izateko lege baten defendatzaileekin bat egin zuen. AEBko bi alderdi nagusiek adostutako lege proiektu bat da, eta dirulaguntzen programa bat ezarriko luke, eskolei KDA erosteko eta mantentzeko funtsak emateko, BBB arloko trebakuntza indartzeko, eta bihotzeko larrialdiei erantzuteko planak garatzeko.

«Bat-bateko bihotz geldialdiak urtero 18 urtetik beherako 7.000 haur baino gehiagori eragiten die AEBn. Gehienak kirolariak dira, eta ikerketek erakusten dutenez, 300 gaztetik batek bihotzeko gaixotasun detektatugabea du, eta horrek arriskuan jartzen du. KDA duten eskoletan, bihotzaren bat-bateko geldialdia duten haurren biziraupen tasa 7 aldiz handiagoa da», adierazi zuen Washingtonen.