
Eguna hasteko, hego haizea dugu, zeru hodeitsuak, eta ostarte batzuk. Ibilbideari ekin diogu, herriaren zati bat zeharkatuz eta Kodes mendilerroaren magalean bidezidor erosoetan barrena abiatuz. Lasai asko hitz egiten goazela, artadietan murgildu gara, lehenik; eta, ondoren, udaberri hasiberri honetan edertasun oparoko txoko zoragarriak gordetzen dituzten pagadi eta hariztietan. Han ikusi ditugu txilarrak loretan; ezkaiak; izpilikuak; udaberri loreak, lore hori distiratsu bereizgarriekin; txikoria belarrak, haiek ere horiak; denboraldiko azken nartzisoak; eta sortzen ari diren lehenengo pago hostoak. Horrek guztiak paisaiari edertasun neurtezina ematen dio, eta bizitzaren berpizkundera garamatza. Tokiko faunak ere bizitzari kantatzen dio: hegaztien txioak, bete-betean; animalien arrastoak, lurrean; harrapari handiak, bikoteka hegan, garbitzen ari den zerua zeharkatuz. Eta eguzkiaren argiak eta beroak gozarazten digu, ibilbide osoan zehar lagunduko baitigu.
Ibilaldian, lurraldea interpretatuz goaz, eta baliabide garrantzitsu eta interesgarri batzuk partekatu eta erakutsi ditugu, honelako jarduerak egiten ditugun aldiro bezala: GR, PR eta SL seinaleak; nola interpretatu gure ibilbidea zein den, bidegurutze batera iristean; mapa eta telefono mugikorrerako aplikazio batzuk, kartografiarekin, orientazioarekin, ibilbideen deskargarekin eta abarrekin zerikusia dutenak.
Gaur ere partekatu ditugu ondoren zeharkatuko ditugun haran ezkutuen ikuspegi zoragarriak; eta isiltasuna: kanpoko isiltasuna eta barruko isiltasuna. Ibilbidearen tarte batean isilik joan gara, adi gure gorputzari, gure arnasketari, gure oinatzei, tenperaturari, zentzumenei, ikusmenari, entzumenari, usaimenari, larruazalari... beste estimulu batzuei adi.
Eta, horrela, jaitsierako zatirik zailenera iritsi gara. Hezetasunak eragiten du zailtasuna. Tarte labur pare bat dira, kontuz jaitsi beharrekoak. Banan-banan, laguntzaren batekin igaro ditugu, bai eta ipurdikadaren batekin ere. Bidezidorra berriz ere bide zabalago bihurtu da, eta Ega ibairaino garamatza. Ur emari handiarekin dator ibaia. Lurra zeharkatzen eta elikatzen duen ura, inguru honetako ibaiertzak bustitzen dituena, eta pista zabal batetik paraleloan jarraitzen dioguna, eguzki distiratsua lagun. Halaxe, gure abiapuntura, Kanpezura heldu gara, Estadiora itzultzeko.