Eduardo Anitua

Eduardo Anitua

«Ahoa osasuntsu duten kirolariek aukera gehiago dituzte beren errendimendu onena lortzeko»

Eduardo Anitua medikuntzan eta kirurgian doktorea da, estomatologian aditua, eta 50 ikertzaileko laborategi bat zuzentzen du. Eta, zalantzarik gabe, gure hiriak duen gasteiztar unibertsalena da. Nazioartean ezaguna da aitzindaria delako bioinplantologiako eta ehunen birsorkuntzako tekniken garapenean, «hazkunde faktoreetan aberatsa den plasma» (PRGF) izeneko teknologiaren egilea delako, eta teknologia hori aplikatu duelako medikuntzaren hainbat arlotan, hala nola odontologian, dermatologian, traumatologian, oftalmologian eta, jakina, kirol-medikuntzan.

Lesioetatik oneratzea bizkortzeko egin dituen aurrerapenei esker, eliteko kirolari ugarik baliatu dituzte Anituaren ikerketak. Eta arlo horretan egin dituen ekarpenagatik hainbat sari jaso ditu, hala nola Espainiako Berrikuntza Saria, Kirolaren Euskadi Saria (kirolaren garapenari egindako ekarpen zientifikoagatik), Oviedoko Unibertsitateak emandako Kirol Medikuntzako Ikerketa Sari Nazionala, kirolari aplikatutako Arte eta Zientzien Sari Nazionala eta Kirol Prentsaren Espainiako Elkartearen Saria.

Hala ere, ez du betidanik medikua izan nahi izan; txikitan, kirolaria izatea zuen bere ilusioa. Futbolean, eskian edo uretako kiroletan aritu zen, eta uretako kiroletan Espainiako txapeldun izan zen.

Zer lotura duzu orain kirolarekin?

Kirola egiten jarraitzen dut. Astean 4 edo 5 aldiz egiten dut gimnasia; eta, aukera dudan bakoitzean, inguruan ditugun mendi zoragarri hauetan ibiltzen naiz bizikletan. Bestalde, kirolarekin lotuta jarraitzen dut, lesioei edo osasun arazoei irtenbideak bilatzearren kontsultatik pasatzen diren kirolari askoren bitartez.

PRGF teknologia garatu ondoren, eta teknologia hori medikuntzaren hainbat arlotan aplikatzen den arren, agian kirol arloan nabarmendu da gehien.

Beti sentitu izan dut kirolarekiko eta kirol medikuntzarekiko erakarpena. Hala ere, hasiera batean, hazkunde faktoreetan aberatsa den plasmaren aplikazioa ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgiaren eremuan zentratu zen, eta urte batzuetan emaitza arrakastatsuak lortu zituen. Orduan sortu zen teknologia hori medikuntzako beste arlo batzuetara zabaltzeko ideia, hala nola ortopediara eta kirol medikuntzara, Mikel Sánchez doktorearen eskutik.

Hitzaldiak ematen dituzu eta biltzar ospetsuetan parte hartzen duzu mundu osoan zehar, baina futbol klubetatik ere deitzen dizute zure ikerketak ezagutzeko. Zer kontatzen diezu? Zer aholku ematen dizkiezu?

Sarrien bisitatzen ditudan biltzarrak ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgiari buruzko bilera zientifikoak dira; baina, batzuetan, medikuntzaren hainbat arlorekin zerikusia duten beste batzuetan ere parte hartzen dut. Adibidez, kirol medikuntzan, hainbat aldiz gonbidatu gaitu Espainiako Olinpiar Batzordeak, gure ikerketen emaitzak federazioetako medikuei helarazteko. Gonbidapenak jaso ditugu hazkunde faktoreetan aberatsa den plasmaren teknologia hobeto ezagutu nahi zuten futbol klub batzuengandik ere, beren jokalariak lesioetatik oneratzeko helburuarekin. Adibidez, gogoan dut orain dela urte batzuk Ukrainara egindako bisita, Shakhtar Donetsk klubak gonbidatuta. Zer tristura eragiten didan hiri horrek une honetan bizi duen egoerak!

Ahoko osasunak kirol errendimenduan eragin dezakeela ere aipatu duzu.

Oso rol garrantzitsua jokatzen du, noski. Adibidez, aho barrunbean tratatu gabeko infekzioak daudenean (hala nola txantxarra edo gaixotasun periodontala), hantura egoera orokor bat gerta daiteke, eta horrek organismoa ahultzen du eta astenia (gehiegizko nekea), muskuluak errekuperatzeko zailtasuna eta giharretako lesioen intzidentzia handiagoak agertzea eragiten du, beste sintoma batzuen artean. Argi dagoena da ahoa osasuntsu duten kirolariek aukera gehiago dituztela kirol errendimendu onena lortzeko.

Kirolariei gomendatu nahi nieke, gainera, euren kirol gogokoena entrenatzen duten bezala, entrena dezatela arnasketa ere. Arnasketa teknika on batek onura asko dakartza osasun orokorrean, eta kirolean emaitza onak lortzen laguntzen du.

Stanfordeko Unibertsitateak munduan eragin gehien duen Espainiako odontologotzat eta nazioarteko erreferentetzat izendatu zaitu.

Sailkapen horren buru izatea ohorea da; eta, aldi berean, konpromisoa, ikerketa zientifikoan jarduten jarrai dezagun. Izan ere, gure lan batzuk munduko aipatuenen artean daude literatura zientifikoan, ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgiaren arloan. Horrek esan nahi du Gasteizen lehen mailako ikerketa talde bat izatea lortu dugula, une honetan nazioartean erreferente dena.

Bizitza guztian izan zara Estadioko abonatua. Zer oroitzapen dituzu gure instalazioei buruz?

Estadioko bazkide izan naiz jaio nintzenetik. Gure haurtzaroko eta gaztaroko zati bat leku honetan eman genuen guztiok oroitzapen oso bereziak ditugu gogoan... irailean ospatzen ziren jaiak; ping-pongean, tenisean... eta futbolinean! jolasten ikasteko bidea eman ziguten eskolak... Hortxe gozatu genuen kirol jardueraz gure gaztaroan, eta hortxe ikusi genituen gure hiriari geroago hainbeste pozgarri eman dizkioten profesionalen saskibaloi partidak. Datu bitxi gisa, Estadioko instalazio zaharretan, San Prudentzio kaleko igerilekuan, ikasi nuen igeri egiten.