1980ko hamarkadan, hiriko bizitzaren erritmoak, hiperkonektagarritasun digitalak, informazio gainkargak, lan eta ekonomia arloko presioak, atsedenik edo naturarekiko kontakturik ezak... gure eguneroko errealitatean termino bat sartu zuten, ordu arte jende gutxik entzuna zuena eta are gutxiagok garrantzia emana ziona: estresa. Denbora gutxian, epidemia isiltzat hartzen hasi ziren, eta osasun mentalari buruzko ikerketak hasi ziren nabarmentzen estresak harremana zuela zenbait gaixotasunekin, hala nola: nahasmendu kardiobaskularrekin, depresio eta antsietatearekin, insomnioarekin, digestio arazoekin, eta abarrekin.
Gaur egun, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aitortzen du estresa dela osasun mental eta fisikorako arrisku faktore nagusietako bat. Eta, berez gaixotasuna ez den arren, behar bezala kudeatu behar da.
Beraz, erritmo bizkorrak eta etengabeko eskakizunek etenik ematen ez dutela dirudien mundu honetan, estresa bizitza modernoaren ohiko lagun bihurtu da. Horiek horrela, pertsona askok oreka eta barne lasaitasuna berreskuratzeko moduak bilatzen dituzte, eta yoga da hori lortzeko praktika eraginkor eta eskuragarrienetako bat.
Indian sortu zen eta milaka urte dituen diziplina honek gorputzaren, gogoaren eta espirituaren batasuna bilatzen du. Mendebaldean, batez ere hatha yogaren bidez egin da ezagun, bertsio fisikoagoa eta eskuragarriagoa baita; baina yogaren esentziak sakona eta eraldatzailea izaten jarraitzen du.
Jarrera (asana) bakoitza diseinatuta dago metatutako tentsioak askatzeko, energia zirkulazioa hobetzeko, eta geure burua gorputz kontzientzia handiagoko egoera baterantz eramateko. Yoga eginez, gorputza burua lasaitzeko zubi bihurtzen da.
Yogaren funtsezko zutabeetako bat da arnasketa kontzientea, sanskritoz pranayama izenez ezaguna. Modu sakon, motel eta erritmikoan arnasteak nerbio sistema parasinpatikoa aktibatzen du. Eta sistema hori arduratzen da erlaxazioa sustatzeaz eta gorputzaren oreka berrezartzeaz. Gainera, arreta arnasketara bideratzen dugunean, utzi egiten diogu pentsamendu errepikakorretan edo egoera estresagarrietan harrapatuta egoteari. Orainaldirako aingura bihurtzen da, eta hemen eta orain egotea ahalbidetzen digu. Teknika sinpleak baliatuz (hala nola sudurretik arnastea, gehienez ere lau izanda, arnasari eustea, eta poliki-poliki botatzea), antsietate eta tentsio mailak nabarmen murriztu daitezke.
Yoga tradizionalak ez ditu gorputza eta burua bereizten. Horregatik, mugimendu bakoitza ekintzazko meditazio bihurtzen da, jarreren arteko fluxuaren bidez, gorputzak bere erritmo naturala aurkitzen du eta gogamena lasaitzen da. Denok entzun ditugu jarrera hauek: haurra (balasana), txakurra ahuspez (adho mukha svanasana) edo gorpuaren jarrera (savasana), bereziki gomendatuak estres uneetarako, kontrola askatzera eta lasaitasunari ematera gonbidatzen baitute.
Yoga eguneroko errutinan sartzeak ez du horretara orduak ematea eskatzen. Nahikoa da 15 edo 20 minutu egunean, ondorioak nabaritzeko. Jarraitutasuna eta praktikatzeko jokabidea dira gakoa. Kontua ez da jarrera perfektua lortzea, baizik eta norberarekin konektatzea, errespetuz eta epaitu gabe.
Elisabete eta Noemi Alvarez de Arcaya monitoreek ematen dute diziplina hau Estadion, astean XX egunez, XX orduko eskoletan, eta bizi filosofiatzat hartzen den diziplina hau ezagutzen laguntzen dizute. Haien laguntzarekin, teknikak ikasiko dituzu arnasteko, erlaxatzeko, orekarako, harmoniarako, baretasunerako, meditatzeko, indartzeko eta pentsamendu positiborako. Teknika horiek, jarrerekin edo asanekin konbinatuta, onura handia ekarriko diete hala zure gorputzari nola zure adimenari. Erlaxatzen, autokonfiantza hobetzen eta estresa murrizten lagunduko dizu.
Monitorearen iritzia
Elisabete Alvarez de Arcaya:
«Bertan egotea, yogan ari zarela, gorputzak, buruak, bihotzak eta arnasketak bat eginda funtzionatzen dutelarik hemen eta orain. Oraingo unea, une zoragarria.»
