Etiopiako mendietan, lasterka egitea nazio nortasunaren parte da ia. Hortik atera dira atletismoko hainbat mito, hala nola Kenenisa Bekele edo Tirunesh Dibaba. Bada, hantxe, neskatila talde bat domina bat baino zerbait gehiago lortzeko ari da lasterka. Lasterka ari dira ikasten jarraitzearren, ezkontza behartua atzeratzearren, denbora irabaztearren, eta beste bizitza posible bat irudikatzearren.
Hori da Girls Gotta Run fundazioaren bihotza. Irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 2006an jaioa, eta emakumeen atletismoa erabiltzen du Etiopiako eremu kalteberenetako batzuetan gizartea eraldatzeko tresnatzat. Patricia Ortman estatubatuar irakasleak erreportaje bat irakurri ondoren hasi zen istorioa. ‘The Washington Post’ egunkarian argitaratutako erreportaje hartan, beren patua aldatzeko iraupen lasterketak erabiltzen zituzten etiopiar neskak ziren gaia. Landa giroko komunitate askotan, kirolak aparteko zerbait eskaintzen zuen: ikusgarritasuna, mugikortasuna eta, batez ere, aukera ekonomikoa.
Ortmanek erabaki zuen boluntarioen erakunde txiki bat sortzea, kirol oinetakoak, kirol arropa edo entrenatzeko aski janari ordaindu ezin zuten neskato korrikalariei laguntzeko. Lau atleta neraberentzako laguntza apal gisa hasi zena eboluzionatuz joan zen, harik eta askoz anbizio handiagoko proiektu bat izan arte. Denborarekin, Girls Gotta Run fundazioak ulertu zuen benetako arazoa ez zela soilik kirol arlokoa. Neskatoek pobreziagatik, familiaren presioagatik edo ezkontza goiztiarrengatik uzten zuten eskola. Lasterka egitea abiapuntua izan zitekeen, baina inguruan laguntza sare oso bat eraiki behar zen.
Gaur egun, erakundeak Etiopiako bi eremutan egiten du lan nagusiki: Bekoji herrian eta Soddo eskualdean, Rift haranaren alboko ingurune menditsuan. Bekoji ez da edozein leku. Etiopiako lurralde garaietako herri horrek hamar domina olinpiko baino gehiago ekoitzi ditu, eta eliteko atleten benetako "fabrika" gisa jotzen da. Han, lasterka egitea eguneroko paisaiaren parte da. Neska-mutikoek goizero egiten dituzte kilometroak, lurrezko bideetan, eskolara joan aurretik. Girls Gotta Run erakundeak kultura horretan aparteko aukera bat ikusi zuen, tokiko komunitateekin konektatzeko. Erabiltzen duten kirola, funtsean, iraupen atletismoa da: lasterka ibiltzea, lasterketak, entrenamendu kolektiboak... Baina helburua ez da inoiz izan txapeldun olinpikoak egitea, baizik eta askoz sakonagoa den ate bat irekitzea: neska nerabeentzako espazio seguruak sortzea, haien bizitzako une bereziki kaltebera batean. Parte-hartzaileek astean behin baino gehiagotan entrenatzen dute, entrenatzaileen begiradapean. Kirol oinetakoak, ekipamendua, elikadura eta eskolako laguntza jasotzen dituzte.
Gainera, entrenamendu fisikoarekin batera, osasunaren, lidergoaren, higienearen, sexu hezkuntzaren, autoestimuaren edo kudeaketa ekonomikoaren arloko formakuntza ere eskaintzen du programak. Erakundea laster konturatu zen neska askok abandonatzen jarraitzen zutela, beren familiek berehalako diru sarrerak behar zituztelako. Horregatik zabaldu zuten proiektua amengana. Girls Gotta Run fundazioak emakumeentzako aurrezki eta ekintzailetza taldeak sortu zituen, emakumeei finantza formakuntza, laguntza ekonomiko txikiak eta tokiko negozioak abiatzeko laguntza emateko. Helburua tolesgabea da: familiak egonkortasun ekonomikoa irabazten badu, neskak aukera gehiago ditu eskolan jarraitzeko.
Ziur aski, kirolaren eta komunitatearen arteko lotura hori da proiektuaren gakoetako bat. Neskek ez dute bakartuta entrenatzen. Elkarrekin lasterka egiten dute, elkarrekin ikasten dute, neska gazteagoentzat erreferente bihurtzen dira. Batzuek parte hartzaile berrientzako mentore lanetan jarduten dute gero; hartara, efektu biderkatzailea sortzen dute beren herrietan.
Emaitzak hain sendoak izan dira, erakundea erreferentziazko kasu bihurtu da «garapenerako kirola» deiturikoaren barruan (kirola helburu sozialetarako erabiltzen duen nazioarteko mugimendua). Fundazioak jasotako datuetan ageri denez, parte hartzaileen % 96k haur ezkontza saihesten du eta ikasten jarraitzen du programatik igaro ondoren.
Lau atleta neraberentzako laguntza apal gisa hasi zena eboluzionatuz joan zen, harik eta askoz anbizio handiagoko proiektu bat izan arte
Etiopian lasterka egiteak duen dimentsio sinbolikoak ere rol garrantzitsua jokatzen du. Korrikalari handiak heroi nazionalak diren herrialde hartan, entrenatzen duen neska batek ikusezina izateari uzten dio. Kirolari esker, tradizioz neska batengandik espero zenaz bestelako onarpen soziala, diziplina eta nortasuna lortzen du.
Ideia hori erakundearen ekimen deigarrienetako batean islatu zen: 100 miliako emakumezkoen erreleboa, Oromia eskualdean antolatua. Etiopiako korrikalariek nazioarteko atletekin partekatu zuten lasterketa. Lehiaketa bat baino gehiago, ideia sinple bat transmititu nahi zuen ekitaldiak: neskek elkarrekin lasterka egiteak konfiantza, komunitatea eta autoestimua sor zitzakeen.
Beste proiektu asistentzialista batzuek ez bezala, Girls Gotta Run erakundeak garrantzi berezia ematen dio tokiko erakundeekin eta Etiopiako egitura komunitarioekin lan egiteari. Emakume elkarteekin, eskolekin eta gazteriaren eta kirolaren alorreko erakunde publikoekin lankidetzan aritzen da, programak herrialdeko kultura errealitatera egokitzearren.
Horren guztiaren atzean uste sinple baina ahaltsu bat dago: kirolak berez ez du bizitza aldatzen, baina ate bat irekitzen duen detonatzailea izan daiteke. Etiopian milaka neskatok pobreziari, indarkeriari edo ezkontza goiztiarrei aurre egin beharrean jarraitzen dute, eta horietako askorentzat ariketa fisikoa baino zerbait gehiago bihurtu da lasterka egitea. Lehen beste batzuentzat gordeta zirudien etorkizun baterantz aurrera egiteko modu bat da.
