
Futbola, kirol diziplina hedatuena izanik, askotan konparatu dute erlijioarekin, gerrarekin eta gisa bereko beste fenomeno batzuekin. Bi konparazio horietan nabarmentzen da kirol sinboloak sakratutzat hartzen direla; bereziki, elastikoa eta ezkutuak. Elastikoak uniforme gisakoak dira, eta ezkutuak, bandera gisakoak, talde bateko kide izatearen sinbolo. Talde horren interesak norbanakoen interesen gainetikotzat sumatzen dira, eta horrenbestez taldearen interesak ukiezinak dira, eta gurtzeko modukoak. Zaleek, jokalariek eurek eta zuzendariek, historikoki, nortasun ezaugarri horiekiko begirunezko jarrera hori bereganatu izan dute. Hala ere, azken hamarkadetan, futbolaren komertzializazio erabatekoarekin, elastikoek begirune hori izateari utzi diote, eta argi eta garbi merkataritzakoak eta publizitatekoak diren erabilerak eman zaizkie.
Hartara, jatorriz zuten esanahia galdu da. Eztabaidagai da ea prozesu horrek mugak dituen; izan ere, jokoan diren beste faktore batzuekin batera, zaleak klubekin dituzten harremanak aldatzera eraman ditzake.
Beste alde batetik, klubak ez dira kirol erakundeak soilik. Oro har, haien sorreran eta geroztiko garapen historikoan, kirol elementu soiletatik harago, askotariko nortasun elementuak batu dira (politikakoak, gizartekoak, ekonomikoak edota erlijiokoak), eta zaleek beren leialtasunerako heldulekua aurkitzen dute nortasun elementu horietan. Klubak enpresak dira, eta beraz irabaziak lortzen saiatzen dira, eta horretarako era guztietako merkataritza estrategiak ezartzen dituzte.
Gaia lantzera etorriko zaizkigu:
- José Luis Pérez Triviño, Zuzenbideko eta Filosofiako lizentziaduna da, Pompeu Fabra Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako irakasle titularra, eta Asociación Española de Filosofía del Deporte, Fairplay aldizkariaren zuzendaria eta Ética y deporte liburuaren (2011) egilea.
- Félix Lascaray, Lascaray Oleochemicals - Productos LEA enpresaren kudeatzaile nagusia.
- Livia López, Araski Emakumeen Saskibaloia elkarteko lehendakaria.
