Historikoki, kirolaren ardatz izan dira ikuskizuna eta hazkundea. Gaur egun, orain arte kontuan hartu ez den egiturazko dema bat du aurrez aurre: bere klima inpaktua. Lehen anekdotikoa zena, orain, sinesgarritasunezko eta sostengagarritasunezko gai bihurtu da. Nazio Batuen Erakundearen Sports for Climate Action programak bultzatuta, sektorea konpromiso neurgarriak hartzen hasi da, bere ingurumen aztarna murriztearren. Hala ere, bidea negozioaren eta erantzukizunaren arteko tentsioz beteta dago. Jokaleku berri horretan, kirola barnetik eraldatu beharrean da, baina ez hori bakarrik: gainera, bere eragin ahalmen handia aprobetxatu behar du, planeta osoan klima ekintza bizkortzeko.
Estadio beteetan, milioika ikusleko emanaldietan eta lehiaketa handien epikan, bada orain arte inork arreta handirik jarri ez dion alderdi bat: kirolaren klima inpaktua. Nazioarteko bidaiak, azpiegitura erraldoiak, energia-kontsumo masiboa... Sports for Climate Action ekimenak (Nazio Batuek bultzatua) kirolak oso gutxitan onartzen duen zerbait sartu du: arauak. Ez jokoari buruzkoak, planetan eragiten duen arrastoari buruzkoak baizik.
Luzaroan, kirol klub eta erakundeak sostengagarritasun sinbolikoaren eremu erosoan mugitu dira: kanpainak, mezuak, keinu isolatuak. Orain, Nazio Batuen Erakundeak dinamika hori hautsi du. Neurtzera, informatzera eta, batez ere, isuriak modu egiaztagarrian murriztera behartzen du. Jada ez da nahikoa sostengagarri itxura izatearekin. Frogatu egin behar da.
Munduko kirol erakunde nagusietako batzuek (nazioarteko federazioak, liga profesionalak, batzorde olinpikoak) konpromiso horiek sinatu dituzte. Teorian, aldaketa sakona da: isurpenen murrizketa, trantsizio energetikoa, hornidura kateen berrikuspena, babesleen gaineko presioa... Baina benetako aldaketa erabaki zehatzetan ikusten hasten da, nahiz eta askotan ikusezinak izan ikusleentzat.
Kirol ekitaldi handiak laborategi klimatikoak ere izaten hasi dira. Adibidez, Parisko olinpiar jokoek erabat bestelako eredu bat planteatu zuten: erabilitako egoitzen % 95 lehendik zeuden edo aldi baterakoak ziren; isuriak % 50 murriztu zituzten, aurreko edizioekin alderatuta; eta garraio publikoa ardatz nagusitzat sartu zuten. Mezua argia zen: eraikuntza gutxiago, eraginkortasun gehiago. Eta Nazioarteko Eski Federazioak bere lehiaketetako karbono aztarna kalkulatzeko tresnak garatu ditu, hori funtsezkoa baita klima aldaketak zuzenean eragiten dion kirol horretan.
Klub batzuk ere eredu izaten ari dira, eta trantsizioko benetako eragiletzat jarduten hasi dira. Izan ere, egitura handietatik harago, efektua oinarrira hedatu da. Eguzki panelak jartzen dituzten klub txikietatik hasi, eta plastikoak kentzen dituzten edo garraio partekatua sustatzen duten kirol ekitaldietaraino. Logika sinplea da: eliteko estadio batean funtzionatzen duena edozein komunitatetan errepika daiteke, egokituta.
Ingalaterrako klub batek, Forest Green Rovers klubak, muturrera eraman du kontzeptua, % 100 energia berriztagarria erabiliz, estadioan elikadura beganoa emanez, edo zurez eraikitako instalazio berri baterako proiektu bat eginez. Betis klubak Forever Green plataforma bultzatu du, emisioak murrizteko eta konpentsatzeko, zaleekin kanpainak eginda eta enpresa sostengagarriekin aliantzak eginda. Sektorea norantz doan erakusten duten bi adibide besterik ez dira.
Dena dela, garraioa da kirolak zailtasun gehien dituen eremuetako bat. Kontinenteen arteko lehiaketa askok etengabeko hegaldiak eta irizpide komertzialekin diseinatutako birak eskatzen dituzte. Horregatik, liga eta federazio batzuk hasi dira partidak eskualdeka biltzen, egutegiak optimizatzen, eta plangintzan irizpide klimatikoak sartzen. Hala ere, sakoneko arazoak bere horretan dirau: kirolaren globalizazioa, berez, karbono-intentsiboa da.
Galdera nagusia hauxe da: kirolak hazten jarrai al dezake bere inpaktua handitu gabe? Zenbait erakunde alferrikako joan-etorriak berrikusten hasi dira, egoitza iraunkorragoen aldeko apustua egiten, kontratuetan eta babesletzetan irizpide klimatikoak txertatzen. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak, adibidez, neutraltasun klimatikoko konpromisoak hartu ditu 2030erako. Beste batzuek, ordea, astiroago egiten dute aurrera, erosotasunaren eta negozioaren logikaren artean harrapatuta.
Kirolaren balio bereizgarria da ikusle asko modu emozional batean mugitzeko duen gaitasuna. Garraio publikoa edo birziklatzea sustatzearren estadioetan egindako kanpainek, ikus-entzule gehien dituzten lehiaketetan mezu klimatikoak txertatzen dituzten atletek edo beren zaleak sostengagarritasunaren aldeko komunitate aktibo bihurtzen dituzten klubek edozein mezu instituzionalek baino eragin handiagoa izan dezakete. Horregatik, Nazio Batuen Erakundearen programa ez da deskarbonizaziora mugatzen. Anbizio handiagoko zerbait du jomugan: kirola ekintza klimatikoaren bozgorailu bihurtzea.
Prozesua abian da, benetako aurrerapenak egin dira, baina baita gerora aldaketa sakonik eragiten ez duten konpromisoak sinatu ere. Jokoan dagoena pentsamolde aldaketa bat da. Kirola, ohituraz emaitzetan eta ikuskizunean zentratua, metrika berriak txertatzen hasi da: zenbat kutsatzen duen, bere ingurunean zer inpaktu duen, edo nola eragiten duen milioika pertsonaren ohituretan.
Ekimen askok erakusten dute iraunkortasuna ez dela kostu bat, inbertsio estrategiko bat baizik. Energia kontsumoa murrizteak zuzenean aurreztea dakar; garraio publikoa errazteak zaleen esperientzia hobetzen du, eta pilaketak murrizten ditu; plastikoak kentzeak edo tokiko hornitzaileen alde egiteak klubaren nortasuna eta komunitatearekiko lotura indartzen ditu. Gainera, bada gero eta erabakigarriagoa den faktore bat: babesle eta inbertitzaileek ingurumen konpromiso egiaztagarriak eskatzen dituzte, eta zaleen belaunaldi berriek jarraitzen dituzten kirol erakundeen portaera baloratzen —eta zigortzen— dute.
