Manex Ibabe Sagasta (Gasteiz, 2 0 u r t e ) S a n P e d r o k o arraunlaria da, KAE Ligan l e h i a t z e n d e n t r a i n e r u taldekoa. Ingeniaritza Zibileko ikaslea, ia kasualitatez iritsi zen arraunera, errugbia uztera behartu zuen lesio baten ondorioz, eta hiru urte bestewrik ez du behar izan ur gaziko palista bihurtzeko. Astean sei egunetan entrenatzen du, traineruaren eskakizun fisiko eta mentala ikasketekin uztartzen du, eta argi dauka kirol honek indarra baino askoz gehiago eskatzen duela: diziplina, sakrifizioa eta konpromiso kolektiboa.
«Uste dut arraunlari batek ere ez dakiela zehatz-mehatz azaltzen zerk egiten duen hain erakargarri arraunketa; baina estropada bat amaitzen duzunean, oso pozik sentitzen zara. Beteta sentitzen zara.»

Nola heldu da gasteiztar bat arraun talde bateko kide izatera?
Nahiko kasualitatez. Batxilergoko bigarren mailan errugbian aritzen nintzen, eta lepauztaia hautsi nuen.
Sendatu nintzen, berriro jokatu nuen, eta lehenengo partidan berriro hautsi zen leku berean. Kostatu zitzaion berriro soldatzea, eta kontakturik gabeko kirol bat aukeratu behar izan nuen. Donostian ikasten ari nintzela, aitarekin hitz egin nuen, eta arraunarekin probatzea erabaki nuen. Orain arte.
Normalean, arraunlariak itsasoarekin zerikusia duten herrietakoak izaten dira, baina San Pedron bat gehiago naizela uste dute. Ondo legoke Gasteizen, urtegian, arraun talde bat ateratzea.
Zein unetan konturatu zinen jada ez zela hobby bat, zerbait serioagoa baizik?
Entrenamenduen lehendabiziko astetik. Ikusten duzu ez dela soilik arraunean egitea: gimnasioko orduak dira, trainerua, ergometroa... Astean sei egunetan entrenatzen zara, larunbatak, igandeak eta jaiegunak barne. Hor hasten zara konturatzen gauza asko alde batera utzi behar dituzula. Batez ere bizitza soziala, jaiak, udan bidaiatzea, adiskideekin afaltzera irtetea... pisua eta elikadura ere asko zaindu behar dituzu. Hori serioa da.
Hala ere, jarraitzen duzu. Zer du arraunak hainbesteko indarrez erakartzeko?
Zaila da azaltzen. Uste dut arraunlari batek ere ez lukeela jakingo esaten zerk egiten duen hain erakargarri. Baina talde barruan zaudenean, estropada bat amaitu eta lana eginda ikusten duzunean, oso pozik sentitzen zara. Beteta sentitzen zara.
Nola uztartzen dituzu hain kirol exijentea eta unibertsitate karrera?
Zaila da. Neguan, batez ere abenduan, urtarrilean eta otsailean, entrenamenduak ez dira bi ordu eta erditik jaisten. Horrez gain, trainerua prestatu, trainerua igo, trainerua jaitsi, trainerua garbitu, entrenatzailearekin hitz egin... Azkenean, goiz osoa galtzen duzu. Eta ekainean denboraldia hasten da. Ikasturtean zehar, askotan oso entrenamendu gogorra amaitzen duzu eta lo egin nahi duzu, baina liburutegira joan behar duzu ikastera. Edo ikasten ari zara eta gelditu egin behar duzu entrenatzera joateko. Orain hirugarren mailan ari naiz, eta nire ordutegiak hobeto kudeatzen ditut, baina iaz asko kostatu zitzaidan antolatzea.
Uste duzu estropada ikusten duen jendea atzean dagoen guztiaren jakitun dela?
Telebistaz ikusten duenak agian ez hainbeste, baina aurrez aurre ikusten duenak hobeto uler dezake. Ikusten dituzu gorputzak, exijentzia, eta konturatzen zara oso entrenatuta ez bazaude ezin diozula maila horri eutsi.
Diziplina handi-handia behar da. Dieta zaindu behar duzu, pisua mantendu, entrenamendu guztiak osatu, eta egunero uretara kontzentratuta iritsi. Gainera, arazoak trainerutik kanpo uzten jakin behar duzu; izan ere, entrenamendu txarra egiten baduzu, talde osoari eragiten diozu. Estropada bat hasten duzunean, bi minutura pentsatzen duzu: «Zergatik sartu naizen honetan?». Sufritzen ari zara, ez duzu jarraitu nahi, utzi egin nahi duzu, baina burua ohituz joaten zara, eta buruz indartsua izaten ikasten duzu.
Indar horrek balio dizu kiroletik kanpo?
Bai, batez ere iraunkorra izateko. Askotan, bizitza estropada batekin alderatzen duzu: une zail batean zaude, eta hirugarren luzean zaudela uste duzu, eutsi egin behar zaiola, oraindik beste bat geratzen delako.
Une gogorretan pentsatzen dut nola sentituko naizen gero, utziko banu. Ergometroko proba batean, adibidez, zure indar gaitasuna neurtzen da benetan, arraunean egingo duzun ala ez ikusteko azterketa moduko bat. Amaitu aurretik gelditzen bazara, negar egiteko gogoa datorkizu, frustrazio sentsazio absolutua da. Nahiago dut sufritu eta amaitu, badakidalako bi aste emango ditudala buruari eragiten eta zapuztuta. Gainera, taldeko kirol batean ezin duzu etsi. Ondokoak zuk bezala sufritzen du; eta, nik ekinaldiari uzten badiot, beste lagun batek gehiago sufritu beharko du. Gainerakoekiko ardura bat dago: lagun ona izatea eta daukazun guztiarekin tiraka jarraitzea.
Taldeak funtsezko alderdia dirudi.
Bai. Ordu asko-asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta familia lotura bat sortzen da.
Traineruan, hasieran, bakoitzak bere aldetik egiten du arraunean; baina, denborarekin, gauzak automatikoki ateratzen dira. Iristen da une bat, ez duzula pentsatu ere egin behar aldi berean egitea, besterik gabe egiten duzu, senaz ateratzen da.
Tradizio handiko bi taldetan aritu zara: Donostiarra eta San Pedro taldeetan. Modu berezian bizitzen al da?
Bai. San Pedron eta antzeko lekuetan, traineruak beste kirolik ez dute, arrauna da erregea. Denek hitz egiten dute arraunaz. Gauzak ondo egiten dituzunean, herriak hitz egiten du; eta gaizki egiten dituzunean ere bai. Horrek presioa eragiten du, baina animatu ere egiten zaituzte, eta entrenatzen jarraitzeko pizgarria da.
Estropada egunetan sortzen den giroa sinestezina da. Badago festa eta ospakizun alde bat, kirol askok ez dutena. Kontxakoa, adibidez, oso berezia da.
Zein dira zure helburuak, oraintxe?
Pertsonalak eta kirolekoak elkarrekin doaz. Helburua da San Pedrorekin lehen mailara igotzea, proiektuari eustea eta Kontxako banderarako sailkatu ahal izatea. Uneren batean eliteko talde batean arraunean egiteko aukera sortzen bada, banderen borrokan aritzeko, polita izango litzateke, baina oraintxe ikasketekin ere uztartu behar da.
Zer esango zenioke duela urte batzuk kirola egiten hasi zen Manexi?
Nutrizioa eta, batez ere, loa hobeto zaindu zezala. Errendimendu handiko kirola egiten duzunean, funtsezkoa da ondo atseden hartzea. Nahikoa lo egiten ez baduzu, gainerako guztia huts egiten hasten da.
Hemendik denbora batera atzera begiratzen duzunean, zer uste duzu gogoratuko duzula gehien?
Batez ere pertsonak. Banderak eta estropadak gogoratzen dira, baina geratzen dena da furgonetako bidaiak, entrenamenduak, eta jendearekin nola pasatu duzun. Hori da zurekin eramaten duzuna.

