Susana Aznar

Jarri mugimendua zure egunean

Susana Aznar

Jarduera fisikoa sustatzeko oinarritzat hartu behar da jarduera pertsonen bizimoduan berriro txertatzea. Mugitzeko eta aktibo izateko aukerak erraza izan behar du; eta, horretarako, norberaren bizimodu aktiboa sortzen saiatu behar dugu. Horrek hainbat jokabide hartzea dakar, besteak beste: eserita gutxiago egotea, gehiago mugitzea, eta ariketa egitea.

Ikerketa epidemiologikoek frogatu dute jarduera sedentarioetan emandako denbora, jarduera mailak eta egoera fisiko kardiorrespiratorioa modu independentean lotuta daudela heriotza indize orokorrekin; bai eta obesitatea, 2 motako diabetesa, hipertentsioa, gaixotasun kardiobaskularra, hauskortasuna eta minbizia izatearen intzidentziarekin ere.
Jarduera fisikoak osasunerako dituen onurei buruz hitz egiten denean, kontuan izan behar dira aipatu ditugun portaerak. Ariketa egituratu eta erregularrak osasuna mantentzen eta hobetzen duela erakusten duen ebidentzia zientifiko zabala dago. Hala ere, gaur egungo gizarteak aldaketak ekarri ditu bizimoduan eta portaeretan; horrek izugarri murriztu ditu modu erregularrean aktibo izateko aukerak, eta eserita ordu gehiago ematea ere eragin du. Literatura zientifikoak dioenez, egunean zenbat eta ordu gehiago eserita egon, orduan eta handiagoa izango da edozein arrazoirengatik hiltzeko arriskua, bai itxuraz osasuntsu eta aktibo dauden pertsonentzat, bai patologiaren bat duten pertsonentzat.

Catrine Tudor-Locke autoreak hiru gomendio hauek eman ditu: Sit less, walk more, and exercise («Egon zaitez gutxiago eserita, ibil zaitez gehiago, eta egizu ariketa fisikoa»), triangelu batean bildutako esku-hartzezko estrategiatzat. Hirurak ere garrantzitsuak direla nabarmendu du.

Sit less («Egon zaitez gutxiago eserita»): sedentarismoa da edozein portaera, gastu kalorikoa atsedenean dugun gastu kaloriko metabolikoa bider 1,5 edo txikiagoa duena. Sedentarismoan sartuta dago zutik egotea edo etzanda egotea, adibidez telebista ikusten edo edozein pantailaren aurrean.
Ikerketan, bereizi egiten dira sedentarismoko portaerak eta denborak batetik, eta jarduerarik gabeko denbora, bestetik. Jarduerarik gabeko denbora da jarduera fisiko nahikoa ez egitea osasuna mantentzeko eta/edo hobetzeko (pertsona helduen kasuan, jarduera fisiko osasungarriaren gomendioak ez betetzea, hau da, ez egitea jarduera fisiko neurritsuaren 150 minutu edo jarduera fisiko indartsuaren 75 minutu, edo bien konbinazio bat). Gerta daiteke fisikoki aktiboa den pertsona batek sedentarismoko ordu asko ere pilatzea; eta nabarmendu behar da denbora sedentarioa eta ezaktiboa izatea bi portaera desberdin direla.

Walk more («Ibil/Mugi zaitez gehiago»): biztanle guztiei zuzendutako jarduera fisiko osasungarriaren gomendioen barruan, beste alderdi garrantzitsu bat da eguneroko jarduera fisikoaren rola: egunean zehar gehiago mugitzea intentsitate neurritsuan, sedentarismoaren eragin negatiboari aurre egiteko estrategiatzat. Egunean jarduera neurritsuko 60 75 minutu metatzeak txikiagotu egiten ditu (baina ez ditu deuseztatzen) eserita emandako denboraren ondorio kaltegarriak. Mezu hori oso garrantzitsua da; izan ere, heldu gehienek ordu asko ematen dituzte nahitaez eserita lanean, ikasten... Mugikortasun aktiboaren bidez eta mugikortasun motordunarekiko mendekotasun txikiagoaren bidez jarduera fisikoa areagotzeak pertsonen, familien, komunitateen eta, oro har, herrialdearen osasuna eta ongizatea ekitatiboki hobetzeko aukera dakar.

Exercise («Egizu ariketa»): ariketa fisikoa egitearen helburua da osasunera bideratutako forma fisikoaren osagai bat edo gehiago hobetzea edo mantentzea, hala nola morfologia, muskulatura, mugitzeko trebetasuna eta bihotz-biriketako nahiz metabolismoko funtzioak.
Horregatik gomendatzen da gure egunerokoan jarduera fisiko neurritsua eta indartsua sartzea, gure bihotz-biriketako forma fisikoa hobetzeko (eta forma fisikoaren gainerako baldintzak, bereziki bihotz-biriketako funtzioa eta metabolismokoa), bihotz-biriketako gaixotasunen hilkortasunaren eta morbilitatearen iragarle zehatzena dela erakutsi baitu.
Beren egunerokoan jarduera fisikorik gabeko ordu askoko eredua dutenentzat, entrenamendua eta ariketa fisikoa geratzen dira. Eta horiek, dagozkien egokitzapenekin, beti izango dute babes efektua behartutako jarduerarik ezeko orduen aurrean.

Susana Aznar
Gaztela-Mantxako Unibertsitatea