Erraketa kirolak, izan ere, aktibo mantentzeko modu dibertigarri eta osasungarri bat dira, eta haien onurak ugariak dira edozein adinetan. Biek mugimendu azkar eta zehatzak eskatzen dituzte. Horrek gorputz osoko muskuluak sendotzen laguntzen du, eta kaloria kopuru esanguratsua erre daiteke. Kontzentrazioa funtsezkoa da, pilotari eta aurkariaren estrategiei adi ibili behar baita. Biek, era berean, pazientzia eta pertseberantzia eskatzen dute. Hori guztia, porrotari aurre egiten ikastea eta denborarekin hobetzea eguneroko bizitzan aplika daitezkeen ikasgaiak dira.
Eta, zalantzarik gabe, beste edozein jarduera fisikok bezala, jarduera hauek endorfinak askatzea dakarte, eta horrek estresa murrizten du eta ongizate sentsazioa areagotzen du. Erraketarekin jokatzea deskonektatzeko eta erlaxatzeko modu bikaina da.
Tenisean edo padelean adin goiztiarrean jokatzen hasten direnek koordinazioa, arintasuna eta erresistentzia hobetzen dituzte. Gainera, bikoteka edo taldeka egiten dutenean, gizarte trebetasunak garatzen eta luzarorako adiskideak izaten laguntzen die. Nerabezaroan, ariketa fisikoa egiteko modu dibertigarri bat gehitzen du, bizimodu aktiboari eusten eta jarduerarik ezari lotutako osasun arazoak prebenitzen laguntzen duena. Gainera, jokalekuko erronkei aurre egiteak erabakiak azkar eta estrategikoki hartzea sustatzen du, garapen mentalean lagunduta.
Pertsona helduetan, sasoian egoten eta estresa murrizten laguntzen du. Kirol hauek ariketa kardiobaskular eraginkorra eskaintzen dute, horrek pisu osasuntsua mantentzen eta erresistentzia hobetzen laguntzen baitute. Zahartzaroan ere, ezin hobeak dira mugikortasuna, malgutasuna eta osasun kardiobaskularra mantentzeko.
Aipatutako gizarte trebetasunei dagokienez, tenisak eta padelak, beren ikaskuntza kurbaren lehen faseak jende guztiaren eskura daudenez (norberaren gaitasunak eta egoera fisikoa edozein direla ere), aukera bat ematen dute amaren, aitaren eta seme-alaben arteko loturak sortzeko. Pantailen gehiegizko erabileraren ondorioz gero eta ohikoagoa den gizarte bakardadean erortzea saihesteaz gain, autoestimu handiagoa garatzen dute, eta zalantzatiak diren haurrentzat kirol ontzat hartzen dira.
Horri guztiari gehitu dakioke diziplina gutxik ematen diotela errespetuari garrantzi handiagoa tenisak baino. Hasiera-hasieratik, jende prestuaren kiroltzat hartu zen, eta "fair play" delakoa tenisaren esentziari estu-estu lotuta doa. Adibide argiak dira Rafa Nadal, Roger Federer, Björn Borg nahiz Steffi Graf. Erraketak haustea eta kirol legearen aurkako bestelako erakusgarriak urriak dira, eta oso gaizki ikusita daude.
Entrenatzailearen iritzia: Iván Rodrigo
«Jokalariei haztea eragiteko grina dugu, ez soilik arlo teknikoan eta taktikoan, baizik eta, batez ere, pertsona gisa. Lehiakorra ez den ingurune bat sortzen dugu, beren trebetasunak garatzeko espazio osoa izan dezaten. Luzera begira, filosofia horrekin bikaintasun maila altuagoarekin lehiatzen da.»
Tenisa versus padela
Dirudienaren kontrara, tenisak eta padelak ezberdintasun handiak dituzte oinarrizko alderdietan, hala nola erraketaren forman, pistaren neurrietan, jokalari kopuruan eta sakean, besteak beste. Hala ere, edozein kirolek bezala, biek ematen dizkiete onurak gorputzari eta adimenari, modu integralean. Zein jarduera aukeratu erabaki aurretik, garrantzitsua da zure espektatibak, sasoia eta gaitasun fisikoak ezagutzea.
Estadion, lau padel jokaleku ditugu: estalitako bi eta estali gabeko / estalitako beste bi, arauzko neurriekin, belarrezko gainazalarekin eta argiztapen artifizialarekin; eta hiru tenis jokaleku, horietako bi estaliak, horiek ere arauzko neurriekin, tennis-quick gainazala edo gainazal sintetikoa eta argiztapen artifiziala duen bat, eta supersoft erretxinazko gainazala eta LED argiztapena dituen jokaleku berria.
Azken kazkabar erauntsiaren ondoren, polikarbonato trinkozko eta txapa sinpleko aurreko estalkiaren ordez 30 milimetroko lodierako polikarbonato zelularreko bat jarri da. Horrek isolamendu termikoa hobetu du, eta jokaleku barruko kondentsazioak saihesten ditu. Gainera, aldaketa horrekin, argi gehiago ere sartzen da, eta izpi ultramoreetatik babesten da; beraz, gusturago jokatzen da orain.
Material berri horrek erresistentzia handiagoa du inpaktuarekiko, eta horrek eguraldi txarraren eta etorkizuneko kazkabar erauntsien aurkako babesa bermatzen du.