
Aurki, atzean utziko dugu negu hotza. Estadio udaberri-udako denboraldi berrirako prestatzen ari da; zalantzarik gabe, gehien gozatzen dugun denboraldietako bat. Aire librea, ura, belar berdea... horiek dira burura datozkigun lehenengo irudiak, eta ahalegin handia egin dugu dena zuen gustura egon dadin.
Tranpolina, gure udako ikono leiala, erabat berritu dugu, segurtasun osoz erabili ahal izan dezazuen.
Jada 65 urte ditu, erretiroa hartzeko adina; baina, gure tranpolinaren kasuan, Estadioren bilakaeraren ikur eta lekuko, ez dago zalantzarik hori ez dela inoiz gertatuko. Hori bai, bere hoberenean «lanean» jarrai dezan, ukitu batzuk egin behar izan zaizkio.
1959ko abuztuan inauguratu zen, Lido di Romako Kursaaleko trampolino deiturikoa inspiraziotzat hartuta. Emilio Apraiz eta Jesús Guinea arkitektoek eta Luis María Sánchez aparejadoreak arduratu ziren eraikuntza lanez. Ez zen zailtasunik gabeko lana izan.
«Ederki kostatu zen nola ainguratu pentsatzea. Teknikaren aldetik, tentsio izugarriko une bat zegoen oinarrian, eusten zion elementuan erresistentzia izan behar zuen, eta indar besoari aurre egiteko adinako pisua. Oso gertutik segimendua egitera behartu gintuen», gogoratzen zuen Sanchezek, bere 60. urteurrenean.
Eta sei hamarkada baino gehiagoan ura etengabe ukitzen zuelarik erabiltzen eta gozatzen aritu ondoren, haren egitura osotasuna, eskailerak, eskailera buruak, barandak... zehatz-mehatz aztertu ziren. Korrosioak eragindako narriadura batzuk atzeman ziren, eta konpondu egin behar izan dira.
Erabilera mugatuko hilabete hauetan, tranpolinaren egonkortasuna bermatzeko lanak eta mantentze lanak egin dira, narriadurari aurre egitearren eta mota horretako instalazioetara egokitzearren.
Egindako lanen artean, hormigoizko oinarria indartzeaz gain, 5 metroko metalezko plataforma erabat ordeztu da, eta drainatze zuloak egin dira eremu horretan ura metatzea saihestearren; bai eta 10 metrokoan ere. Azken horretan, gainera, sarbidea zaharberritu da, eta tranpol atea ordeztu.
Era berean, 3, 5 eta 10 metroko tranpolinetako eskaileretan maila berriak jarri dira; barandak araudi berrietara egokitu dira; eta korrosioaren aurkako pintura aplikatu da egitura osoan.
Horri guztiari esker, denboraren poderioz instalazioa narriatzea saihestuko da, eta gure tranpolinaren bizitza baliagarria bermatuko da.
Denboraldi berri honetan, tranpolina sasoi betean izango dugu berriro. Horrela, inoiz ez bezala eta beti bezala Estadioz gozatzeko aukera izango duzu. Eta 10 metroko plataforma erabilgarri izango da ekaineko eta uztaileko ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara. Ekitaldia baino lehenago, administraziora etorri behar duzu (8:30etik 18:00etara), zure baimen orria betetzeko; edo, egunean bertan, tranpolinean egin dezakezu. Adingabea baldin bazara (gutxienez 7 urte izanda), guraso batek edo tutoreak lagunduta entregatu beharko duzu orria, hark sina dezan.
